Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Jokabidezko publizitate cookieak

Guk edo hirugarrenek tratatu ditzakegun cookieak erabiltzen ditugu. Interneten dituzun nabigazio ohiturak aztertu ditzakegu, zure profilarekin erlazionatutako publizitatea erakusteko.

Ezagutu Mugaritz

Berriak

Diálogos de Cocina 2021ean berrasmatzen da, zain barneko animo- eta inspirazio-txuteak modu birtualean banatzeko

2021/03/04

Mugaritzek, Euro-Toquesek eta Basque Culinary Centerrek bultzatutako bi urtez behingo biltzarrak elkarrizketa-gune sustagarriak irekiko ditu martxoaren 15etik 26ra, beti egin duen moduan, modu birtualean eta dohainik egiteko berrasmatutako hitzordu batean.

 

“Txertaketa-jardunaldi birtuala” izenburupean, eta mundu osoko jatetxeak itxi behar izan zirenetik urtebete igaro denean, zortzigarren edizio honek sormen, berrikuntza, lotsagabetasun, sentsibilitate, zentzu kritiko eta kemen dosi on bat txertatu nahi du sektore gastronomikoan, aurrean dituen erronkei aurre egin diezaien.

Bi astez, hainbat diziplinatako profesionalek elkartruke sutsuak egingo dituzte eta hausnarketarako eszenatoki berriak eraikiko dituzte. Hitzaldi, eztabaida, elkarrizketa eta tailerren bidez, beren onena partekatuko dute, koilarakada suspertzaileak. Mugarik gabeko topaketa batean egingo dute, eta bertaratzen direnek, gainera, zeregin aktiboa izango dute hainbat jardueratan.

2021ean, Sukaldeko solasaldietara, estatuan eta nazioan garrantzia duten hainbat pertsona bertaratuko dira, hala nola, Niño de Elche disziplina anitzeko abeslaria, Ara Malikian bibolin jolea, Marije Vogelzang diseinatzaile holandarra, Juan Luis Arsuaga paleoantropologoa, Malena Martínez ikertzailea, hartziduran adituak diren Arielle Johnson eta David Zilber, edo Cristina Reni, garai batean Food For Soul-en sustatzailea, Botturarekin batera, eta orain Nazio Batuen Nazioarteko Merkataritza Zentroko Ekintzarako Aliantzetako kidea.

Horiekin batera chef hauek egongo dira, besteak beste: Dabiz Muñoz (DiverXO), Daniela Soto-Innes, Alice Waters (Chez Panisse), José Andrés (World Central Kitchen), Dan Barber (Blue Hill), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Solange Muris (Manzanilla), María Solivellas (Ca Na Toneta), Jennifer Rodríguez (Mestizo), Michel Bras (Le Suquet), Carlos García (Alto), Gastón Acurio (Astrid & Gastón) edo Francis Paniego (El Portal de Echaurren).

Sukaldeko solasaldien zortzigarren edizioaren nahia da, Andoni Luis Aduriz Mugaritzeko sukaldari eta biltzar honen sustatzailearen hitzetan, “inspirazio eta eztabaida, energia eta alaitasun txuteak banatzea hain une konplexu honetan; sortzaileak eta interaktiboak izatea, eduki biderkatzaileak eta nortasun handikoak partekatzea; eta ospatzea gastronomiak indarrez eusten diola, baita garai hauetan ere, elkartzeko iturri pribilegiatu izateari”.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak dioenez: “Sukaldeko solasaldiek hausnarketarako gune bat osatu dute hasieratik, sukaldaritzaren esparrua zabaltzen duena. Gaur egun, inoiz baino gehiago, truke horiek diziplina anitzeko ikuspuntutik indartu behar ditugu. Gastronomiak dituen erronkei aurre egin behar diegu, ikuspegi inspiratzaile eta, batez ere, bizizale batetik. Sukaldeko solasaldien edizio honek aukera ematen digu zenbait profil eta interakzioetara zabaltzeko”.

Nola zaharberritzen da sukaldaritza? Nola mantendu dezakegu begirada bizirik? Nola aldatuko da gure harremana ingurumenarekin? Nola elikatuko dugu etorkizuna? Zertarako balio du gaur egun I+Gk? Diziplinarik gabeak izan behar dugu berritzeko? Posible al da sukaldeen buru izatea kode berrien arabera? Gai horiei eta beste askori erantzuten saiatuko gara kontakizun gastronomikoa eta haren elkargune guztiak berrirudikatzen saiatzen den biltzar honetan.

Diálogos de Cocina

Sukaldeko solasaldiak nazioarteko kongresu bat da, eta 2007az geroztik eta bi urtez behin, diziplina anitzeko zubiak eraiki ditu gastronomiaren inguruan. Euro Toques sukaldarien nazioarteko erakundeak (18 herrialdeetako 3.500 sukaldari baino gehiago biltzen ditu) eta Basque Culinary Centerrek bultzatutako behatokia da. Bertan, mundu osoko aditu ospetsuenak biltzen dira, tirabirarik gabeko giro lasaian, eta hausnarketarako gune bat sortzen dute, non sinergia sortzaileak eraikitzen diren.
 

Biltzarraren izen-ematea zuzenean egin daiteke ekitaldiaren webgunan: www.dialogosdecocina.com