Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Jokabidezko publizitate cookieak

Guk edo hirugarrenek tratatu ditzakegun cookieak erabiltzen ditugu. Interneten dituzun nabigazio ohiturak aztertu ditzakegu, zure profilarekin erlazionatutako publizitatea erakusteko.

Ezagutu Mugaritz

Berriak

Sukaldarien eta zientzialarien arteko komunikaziogune bihurtu da International Journal of Gastronomy and Food Science

2013/10/30

AZTI-Tecnalia, Mugaritz eta Basque Culinary Center dira aldizkariaren sustatzaileak.

Elservier-ek, zientzia-literaturaren munduko argitaletxerik handienak, argitaratzen du ‘International Journal of Gastronomy and Food Science’, eta proiektuan mundu osoko sukaldariek eta zientzialariek parte hartzen dute. Aldizkariak lorturiko helburuetako bat hau izan da: chef garrantzitsuek beren sukaldaritzako proiektuei buruzko artikuluak lantzea eta idaztea, baita beren lan gastronomikoaren eta zientziaren eta ikerketaren artean dagoen loturari buruzko artikuluak lantzea eta idaztea ere.

Sukaldari garrantzitsu horien inplikazioaren adierazgarri da bigarren alean Josean Alijak idatzitako artikulua –ikuspegi zientifikotik, azukre erantsirik gabeko postreak deskribatzen ditu– eta Eneko Atxak idatzitakoa –modu naturalean, teknika agresiboak erabili gabe, aromak nola atera eta transferi daitezkeen azaltzen du–.Horietaz gain, azpimarratzekoa da Christine E. Hansen ikertzaile amerikarraren artikulua, flanbeatuan zehar ematen diren aldaketa kimiko eta sentsorialei buruzkoa.

Aldizkariari izaera berezia ematen dion alderdietako bat honako hau da: pentsamenduaren eta zientziaren hainbat espezialitate batzen ditu, hala nola artea, humanitateak, soziologia eta neurozientzia, eta gastronomiarekin harremanetan eta interakzioan jartzen ditu. Horrela, editore elkartu gisa, hainbat arlotako pertsona famatuen lankidetza du aldizkariak, Bénedict Beaugué frantziar arkitekto eta dekoratzailearena, Erik van der Linden Wageningen Unibertsitateko (Holanda) Elikagaien Fisikako eta Biologia Fisikoko irakaslearena eta bere profil berritzaileagatik nazioartean ezaguna den Andoni Luis Adurizena. Aldizkaria Juan Carlos Arboleyak zuzentzen du. Hori Biokimika Fisikoan doktorea eta AZTI-Tecnaliako ikertzailea da.

Batzorde editoriala prestigio handiko talde batek osatzen du. Azpimarratzekoak dira nazioartean ezagunak diren honako sukaldari hauek: Alex Atala brasildarra, Gastón Acurio perutarra, Barbara Santich australiarra, David Chang estatubatuarra eta Heston Blumenthal britainiarra.

Ikuspegia, zientzia eta berrikuntza

‘International Journal of Gastronomy and Food Science’ erabat ingelesez idazten da, eta hiru funtsezko ardatz ditu: ‘Gastronomiaren ikuspegia’, ‘Zientzia eta Gastronomia’ eta ‘Berrikuntza gastronomian’. Lehenak sukaldaritzako teknikei, gastronomiaren historiari, nutrizioari, nazioarteko elikadura-joerei, kontsumitzaileen ikerketei, zapore etnikoei eta antropologiari buruzko artikuluak jasotzen ditu, besteak beste. Bigarrenak batik bat sukaldariek eta diziplina anitzeko zientzialariek eginiko zientzia-dokumentuak ditu ardatz. Azken atalak beren sortze originalei buruz sukaldariek idatziriko artikuluak jasotzen ditu.

Gainera, aldizkariak sukaldaritzako ezagutzaren erregistroa sortzeko balioko du. Hiru sustatzaileen asmoa da ondare historiko gastronomikoa eta egun sukaldeetan sortzen diren berritasun guztiak jasota geratzea, ikuspuntu teoriko teknikotik. Horrela, plater berri baten edo proposamen berri baten jabetza edo egiletza jasota geratuko da.

‘International Journal of Gastronomy and Food Science’ aldizkariaren inprimaturiko argitalpena munduko jatetxerik garrantzitsuenetan banatzen da, baita elikadurarekin loturiko zientzia-erakundeetan eta unibertsitateetan ere.Gainera, www.elsevier.com/wps/locate/ijgfs eta www.sciencedirect.com webguneetatik behera jaitsi daitekeen bertsio digitala du.Edizio digitalak, www.gastronomyfoodscience.com, egileen artikuluen eta elkarrizketen laburpenak eskaintzen ditu, besteak beste. Aldizkariak Twitter-eko kontu bat ere badu: @GastronomyFS.